mikel peruarena-(e)k eguneraketa bat bidali du: 10 months, 1 week ago Ikusi
IƱaki Iurrebasok bukatu du hitzaldia, eta gogoetarako gai batzuk utzi ditu. Irakaskuntzan, lankideen artean eta eremu formalean egiten da, gehienbat, euskaraz. Etxean eta hedabideen kontsumoan, aldiz, apalagoa da euskararen erabilera. 1991tik hona, etxean, hain justu, ez da igo euskararen erabilera, ezta hedabideen kontsumoan; lagunen artean eta lankideen artean, aldiz, hazkunde handia izan da. Hazkundea, ordea, 1990eko hamarkada hasieran bizkorragoa izan zen; 1996tik aurrera apaltzen hasi da, eta azken bost urteetan eremu batzuetan atzera egiten hasi da euskararen erabilera. Ipar Euskal Herrian, adibidez, atzerakoa da bilakaera, eta ”galera handiak” gertatzen ari dira, nahiz eta gazteen artean erabilera handitzen hasi den pitin bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bilakaera positiboa izan du erabilerak, eta hazkunde handia izan du eremu formalean, azken urteetan erritmoa moteltzen ari bada ere. Nafarroan, eremu informalean behera eta eremu formalean gora egin du erabilerak. Eremu formaleko euskararen erabilerak gaina hartu dio eremu informaleko erabilerari; 1991n, bestalde, zaharrek hitz egiten zuten, batik bat, euskaraz, eta orain gazteak dira gehien hitz egiten dutenak. Hogei urtean aldaketa horiek gertatzea ”bi iraultza txiki” izan direla esan du Iurrebasok. Kezka bat ere agertu du. Gipuzkoan erabilera bizkorrago ari da gora egiten, eta datu horrek apur bat estali egiten ditu gainerako herrialdeen errealitateak. Azterketa zehatzagoak behar lirateke, Iurrebasoren arabera, eskualdeka, edo baita herrika ere, errealitate zehatzagoak aztertzeko.