Euskal Herriko Erronka sozioekonomikoak
Pasatutako ekitaldia
Ekitaldi publikoa, Ekonomia eta gizarte
Hasi:28/09/2011, 19:00 Bergara, Irizar jauregia
Deskribapena: Hainbat buru eta aburu
Euskal Herriaren erronka sozio-ekonomikoak, gogoeta eta eztabaida liburuan
Gaindegiak, Euskal Herriko Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Behategiak, bere buruari jarritako egitekoen artean dago gogoeta sustatzea. Gora behera ekonomiko eta sozial handien garaiak bizi ditugu eta mundua gure begien aurrean aldatzen ari da. Gaindegiak Euskal Herria aintzat hartzen duten ekonomia eta gizarte arloko 13 lagun elkarrizketatu ditu, erronka ekonomiko eta sozialez itaunduz.
• Jon Azua, E-novatinglab-eko Lehendakaria
• Michel Etchebest, Mauleko auzapeza eta Artzainak Taldeko Kide
• Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia
• Anjeles Iztueta, Matematikaria
• Nekane Jurado, Ekonomialaria
• Antxon Lafont, Enpresaria
• Juan Carlos Longas, NUPeko irakaslea
• Adolfo Muñoz, ELAko Idazkari Nagusia
• Paul Nicholson, EHNEko kidea
• Mixel Berhokoirigoin, ELBko kidea eta EHLGko Lehendakaria
• Koldo Saratxaga, K2K Emocionando
• Pedro Luis Uriarte, Innobasque-ko Lehendakari ohia
• Eduardo Zubiaurre, Adegiko Lehendakaria
Elkarrizketatuen zerrendak izen aski ezagunak biltzen ditu, autoritate mailako iritzia dutenak hainbat gaitan. Izen hautaketa, ordea, ez da ausazkoa izan, denak dira bertako zein atzerriko errealitatea arretaz jarraitzen dutenak, eskarmentu handikoak ardura postuetan eta ibilbide publiko nabarmenekoak. Euskal Herriko eta munduko gora behera ekonomiko eta sozialen “giharrea” ezagutzen duten lagunak dira. Horrezaz gain, jarduera eremu, lurralde eta sentsibilitateen arteko oreka bilatzen du hautatutako lagunen multzoak.
Elkarrizketak ekonomia eta gizarte arloko kazetari ezagunek eginak dira. Elkarrizketatuek oinarrizko galdetegi batetik abiatuz kazetari bakoitzaren itaunketari jarraitu behar izan diote. Hartara, aditu bakoitzaren ezagumendu eta ikuspegiak azaleratzeko ahaleginak emaitza interesgarriak uzten dizkigu.
• Txotxe Andueza Ortega
• Joxerra Bustillo Kastrexana
• Carlos Etxeberri Arbonies
• Xabier Lekuona Barreras
• Iñaki Lekuona Oirtzabal
• Sabino Ormazabal Elola
• Ivan Santamaria San Roman
• Amaia Ugarte Rodríguez
• Bego Zubia Gallastegi
Munduko ekonomiaren eragina, babes soziala, gizarte garapena, lehiakortasuna, energia, burujabetasuna, formakuntza… egungo gizarte modernoetako auzien inguruan euskal ikuspegiz eta Euskal Herriari begira erantzuten dute adituek. Ariketa zinez interesgarria gertatzen da, ezohikoa inola ere.
Hurrenkera alfabetikoan liburuan parte harturiko zenbait egileren ideiak:
Azua, arrakastarako gakoak, eraginkortasun instituzional, profesional eta enpresariala
Estrategian pertsona aditua da Jon Azua eta bere erantzunetan igartzen zaio. Osagai guztiak (formakuntza, lehiakortasuna, azpiegiturak, energia…) xede baten bidean kokatzen ditu, eraginkortasuna. Bertako ondare industriala aintzat hartuz, mundu mailan jardunez irauteko gai izango den estrategia aldarrikatzen du Euskal Herriarentzat.
Etchebest, lurraldearekin konprometitutako ekoizpen eredua.
Enpresa eragile eta Mauleko alkateak, zer behar da indargune nagusietatik urrun dagoen lurralde batek bizirik eta osasuntsu irauteko goakoak azaltzen ditu. Euskal eragileen arteko lankidetza aldarrikatzen du Etxebestek, etorkizunean Euskal Herriak ez ezik, bere lurralde guztiek ere bizirik iraun dezaten.
Etxaide, nazio kohesioa gauzatu beharra ekonomia eta gizartean.
Eremu administratibo desberdinetan zatitutako Euskal Herrian eratorritako errealitate ekonomiko eta sozial desberdinak gainditu beharra ikusten du. Eskubide laboral eta sozialetan lurraldeen arteko berdintasunaren alde lan egiteari naziogintzarako aukera handiak ikusten dizkio.
Iztueta, gizarte zahartuaren erronkak eta aukerak.
Populazioaren zahartzeak dakartzan erronkak begitan hartzen ditu Iztuetak. Nolako gizartea datorkigun edo gure gizarteak nola erantzun behar dion erronka hori ditu mintzagai. Eredu ekonomikoaren eraginkortasun handiagoa eta zahartzeari lotutako jarduera profesionalen garapenari aukera ona ikusten dizkio.
Uriarte, gure potentziala goren mailaraino garatu.
Euskal Herriaren gaitasunaz zuzenean lehenago ere mintzatu izan da Uriarte. Herri txiki eta zaharkitu izatearen erronkarekin, berrikuntzaren bidetik balio erantsi handiko jarduerak sustatu beharra ikusten du. Mundu mailako lidergoa nahi du, berrikuntzari lotutako jardueretan, Euskal Herriarentzat.
Zubiaurre, industriaren lehentasuna eta lehiakortasuna bilatu beharra irauteko.
Ekonomiaren alde produktiboa ongi ezagutzen du Zubiarrek. Nola ekoitzi eta nola nola saldu, aberastasuna nola sortu orain eta nola sortzen jarraitu. Industriaren protagonismoa aldarrikatzen du Euskal Herriarentzat, ondare industrialaren garapenari atxikitako eredu argi baten bidetik ikusten du egin beharreko bidea hainbat arlotan.